- Hitzordurik gabeko txertaketa-puntuak eskuragarri egongo dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, bi astez
- Sei hilabetetik gorako pertsona oro joan ahalko da txertaketa-puntu horietara, aurretiaz hitzordurik eskatu beharrik gabe
- Txertoguneak osasun-zentroetako zita bidezko txertaketaren osagarri dira, eta alternatibak eskaintzea dute helburu, norberaren beharreratara egokitzeko
- Espazio horiek martxan jarrita, txertaketarako sarbidea erraztu eta prebentzioa indartzea da asmoa, Euskal Osasun Ituneko konpromisoarekin bat: osasungintza prebentiboagoa, hurbilagoa eta irisgarriagoa bihurtzeko
Osasun Sailak eta Osakidetzak 12 txertogune jarri dituzte abian astelehenetik (urriak 19) azaroaren 1era arte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, gripearen eta COVID-19aren aurkako txertoa aurretiazko hitzordurik gabe jartzeko. Bi aste horietan, sei hilabetetik goragoko pertsona oro joan ahalko da zuzen hiru lurraldeetan gaitutako lekuetara, haurrak barne. Ez da beharrezkoa izango zitarik eskatzea aurretiaz.
Txertoguneak osasun-zentroetako zita bidezko txertaketaren osagarri dira, eta alternatibak eskaintzea dute helburu. Horri esker, gripearen eta COVID-19aren txertaketarako sarbidea erraztuko da, horretarako espazio espezifikoak eta ordutegi zabalak izango baitira. Hala, norberak egokien zaion aukera hautatu ahalko du. Horrez gain, Osakidetzak 225 erizain eta 85 administrari kontratatu ditu txertaketa-taldeak indartzeko.
Horrela, urriaren 19tik (astelehena) aurrera, txertoguneek aukera emango diete familiei sei hilabetetik gorako haurrak eramateko, aurretiko zitarik eskatu behar izan gabe. Hala, haurren gripearen aurkako txertaketa osatuko da, zeina irailaren 28an hasi baitzen, osasun-zentroetan.
Gripearen aurkako txertaketaz gain, txertoguneek COVID-19aren aurkako txertoa eskainiko diete 70 urte edo gehiagoko pertsonei eta hala nahi duten 65 urte edo gehiagokoei. Aukera izango dute bi txertoak zita berean hartzeko.
Txertoguneak: urriaren 19tik, azaroaren 1era
Bi astez, herritarrek hitzordurik gabeko txertaketa-puntuak izango dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan:
ARABAKO ESIan
- Txertoa jartzeko lekuak: San Martingo Osasun Zentroa
- Ordutegia: astelehenetik ostiralera, 8:00etatik 20:00etara. Larunbatetan eta igandeetan, 9:00etatik 21:00etara
BILBO-BASURTUKO ESIan
- Txertoa jartzeko lekuak: J. Saenz de Buruaga Osasun Zentroa
- Ordutegia: astelehenetik igandera, 8:00etatik 20:00etara.
DONOSTIALDEKO ESIan
- Txertoa jartzeko lekuak: Groseko Anbulatorioa
- Ordutegia: astelehenetik igandera, 8:00etatik 20:00etara.
BARAKALDO-SESTAOKO ESIa
- Txertoa jartzeko lekuak: San Eloy Ospitalea
- Ordutegia: Astelehenetik ostiralera, 15:00etatik 20:00etara.
EZKERRALDE-ENKARTERRI-GURUTZETAKO ESIan
- Txertoa jartzeko lekuak: Errepelegako anbulatorioa
- Ordutegia: Astelehenetik ostiralera, 15:00etatik 20:00etara.
BARRUALDE-GALDAKAOKO ESIan
- Txertoa jartzeko lekuak: Zornotzako Osasun Zentroa.
- Ordutegia: Astelehenetik ostiralera, 15:00etatik 20:00etara.
URIBEKO ESIan
- Txertoa jartzeko lekuak: Mungiako Osasun Zentroa
- Ordutegia: Astelehenetik ostiralera, 15:00etatik 20:00etara.
BIDASOKO ESIan
- Txertoa jartzeko lekuak: Irungo Erdialdeko Anbulatorioa
- Ordutegia: Astelehenetik ostiralera, 15:00etatik 20:00etara.
DEBABARRENEKO ESIan
- Txertoa jartzeko lekuak: Torrekuako Osasun Zentroa (Eibar)
- Ordutegia: Astelehenetik ostiralera, 15:00etatik 20:00etara.
DEBAGOIENEKO ESIan
- Txertoa jartzeko lekuak: Arrasateko Osasun Zentroa
- Ordutegia: Astelehenetik ostiralera, 15:00etatik 20:00etara.
TOLOSALDEKO ESIan
- Txertoa jartzeko lekuak: Tolosako Osasun Zentroa
- Ordutegia: Astelehenetik ostiralera, 15:00etatik 20:00etara.
GOIERRI-UROLA GARAIKO ESIan
- Txertoa jartzeko lekuak: Beasaingo EAGa
- Ordutegia: Astelehenetik ostiralera, 15:00etatik 20:00etara.
ARABAKO ERRIOXAKO ESIan
- Txertaketa-puntua: agendak indartzea ohiko zentroetan
- Ordutegia: Astelehenetik ostiralera, 15:00etatik 20:00etara.
Haurrak, haurdunak eta profesional sanitarioak
Haurrez gain, aurtengo kanpainak arreta berezia eskaini dio haurdunen eta osasun-profesionalen zaintzari, funtsezko kolektiboak baitira kutsadura prebenitzeko eta komunitate-osasuna bermatzeko.
Gaur arte, Osakidetzak gripearen aurkako txertorako 266.000 hitzordu baino gehiago erregistratu ditu. Horietatik, 20.700 baino gehiago haurrei dagozkie, eta 1.100 baino gehiago haurdunei. Orain arte, Lehen Mailako Arretan gripearen aurkako txertoaren 202.735 dosi eta COVID-19aren aurkako 129.407 dosi eman dira.
Txertaketaren lehen astean 4.695 dosi eman zaizkie Osakidetzako profesionalei, iaz garai berean baino % 20 gehiagori. Osasun Sailak eta Osakidetzak beren inplikazioa eskertzen dute, eta gainerako profesional sanitario eta soziosanitarioak txertatzera animatzen dituzte.
EAEko egoera epidemiologikoa
Denboraldian zehar, Lehen Mailako Arretan 605 gripe-kasu eta 2.045 COVID-19 kasu erregistratu dira. Ospitaleetan, 79 pertsonak behar izan dute ingresoa gripeagatik eta 381ek COVID-19agatik. Une honetan ez dago gripeagatik ZIUn ingresatutako pazienterik; COVID-19aren ondorioz, berriz, 4 pertsona daude Zainketa Intentsiboetako Unitatean ingresatuta.
Biztanleei deia
Osasun Sailak eta Osakidetzak gogorarazten dute txertoa dela neurririk eraginkorrena gripearen konplikazioak, ospitaleko ingresuak eta heriotza prebenitzeko, eta bereziki gomendatzen diete 60 urte edo gehiagoko pertsonei, gaixotasun kronikoak dituztenei, haurdunei eta sei hilabete eta bost urte bitarteko haurrei, besteak beste. Txertatzeak norberaren eta inguruko pertsona kalteberen osasuna babesten laguntzen du, eta, beraz, herritarrak animatzen ditu osasun-zentrora joan daitezen, aldez aurretik hitzordua eskatuta edo, hitzordurik gabe eta azaroaren 1era arte, hiru lurraldeetako txertoguneetan.
Nola eskatu txertoa jartzeko zita?
Xede-populazioko kideek beren hitzordua eska dezakete orain; gainerako biztanleek, berriz, azaroaren 2tik aurrera eskatu ahal izango dute.
- Helburuko populaziokoa bazara: eskatu hitzordua Osakidetzaren webgunearen bidez, edo zure osasun-zentrora edo 900 20 30 50 zenbakira deituta.
- Helburuko populaziokoa ez bazara eta gripearen aurkako txertoa hartu nahi baduzu: azaroaren 2tik aurrera egin dezakezu web-orrian hitzordua eskatuta edo zure osasun-zentrora edo 900 20 30 50 zenbakira deituta.
- Aurretiko hitzordurik gabe: urriaren 19tik azaroaren 1era, herritar guztiek txertoa jarri ahal izango dute txertoguneetan, aurretiko hitzordurik gabe.
- 80 urte edo gehiago dituztenak: Osakidetza banan-banan ari zaie deitzen pertsona horiei, txertatzeko hitzordua emateko.
Prebentzio-neurriak
Osasun Sailak eta Osakidetzak gogorarazten dute, txertoa hartzeaz gain, komeni dela gripearen, COVID-19aren eta beste arnas-birus batzuen kutsadura murrizten duten ohitura batzuei eustea: eskuak maiz garbitzea, eremu itxiak aireztatzea, lanera eta ikastetxera ez joatea sintomarik baduzu eta behar denean, maskara janztea, pertsona kalteberenak babesteko.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)