EAPNk Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografiko Sailarekin batera antolatutako Pobreziaren Aurkako Euskal Estrategia Baterako Ahotsak jardunaldian, administrazio, akademia, Hirugarren Sektore Sozial eta alderdi politikoetako ordezkariek parte hartu dute. HItzordua Pobreziaren Aurkako Nazioarteko Egunaren bezperan izan da eta 100 pertsona inguru hurbildu dira bertara. Data horren jatorria 1987ko urriaren 17an Parisko Trocadero plazan muturreko pobreziaren, indarkeriaren eta gosearen biktimei omenaldia egiteko egin zen 100 mila pertsona baino gehiagoren protestan dago. 1992an, NBEk data hori Pobreziaren aurkako Nazioarteko Egun izendatu zuen ofizialki.
"Ez da errukia adierazteko data bat, eskubideak aldarrikatzeko eta pobrezia pairatzen duten pertsona batzuek duten erru-sentimendua baztertzeko data bat baizik. Euskadik eraiki duen babes sozialeko sistema aitortu eta babestu beharrekoa", azaldu du Juan Luis Fuentes EAPNko presidenteak. Fuentesen arabera, pobrezia ez da modu uniformean banatzen, eta langabezian dauden pertsonak dituzten etxeetan, adingabeak dituzten familietan, migratzaileen kolektiboan edo gazteen artean ager daiteke. EAPNk Pobreziaren aurkako Euskal Estrategia eskatu du. "Zeregin hori Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek, udalek, gizarte-erakundeek eta gainerako herritarrek antolatu behar dute" gaineratu du EAPNko presidenteak.
Bestalde Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak adierazi du pobreziaren eragileei aurre egin behar zaiela eta ez soilik pobreziaren ondorioei. Era berean, Nerea Melgosak Eusko Jaurlaritzak etxebizitzaren arazoari aurre egiteko hartu dituen azken neurriak azaldu ditu, eta enplegu egonkorrak zein soldata duinak aldarrikatu ere, batez ere gazteentzat. "GLLak, Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera, DSBE, Bono Termikoa edo Elikagaien Bonua bezalako prestazioek baliabideen aldi baterako edo luzerako gabeziak saihesten diztute, hala nola etxebizitzaren galera, muturreko zorpetzea edo gizarte bazterketaren larritzea. Eusko Jaurlaritzak horien aldeko apustua egiten jarraitzen du, eta adibideak jarriko ditut: GLLetarako zuzkidura (41,5 milioi) inolako murrizketarik gabe mantentzen dugu, eta Gizarte Bonu Termikoa aurreko urtean baino 1.500 familia gehiagok jaso ahal izan dute. Laguntza eskatzea lotsagarri egiten ez den Euskadi bat nahi dugu, laguntza garaiz iristea bermatuko duena, beharrizana duenaren autonomia berreskuratzeko benetako bideak eskainiko dituena" azaldu du Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak.
Jardunaldiari hasiera eman ondoren, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko Saileko Estatistika Organoko teknikari Jorge Aramendik pobreziari eragiten dioten faktoreak aztertu ditu eta Euskadin izan duen bilakaera azaldu du, Pobreziari eta Gizarte Desberdintasunei buruzko azken Inkestaren eduki nagusiak zehaztuz. PGDIa 40 urte bete dituen inkesta da, 1986tik neurtzen baita, eta azken hamarkadan bi urtean behin egin da. Akademiaren mundutik, Mari Luz de la Cal (EHU) eta Maria Silvestre (Deusto) Euskadiko pobreziari buruzko hainbat gogoeta partekatu dituzte, eta, ondoren, EAJ-PNV, EH BILDU, PSE-EE, PP eta Sumarioko legebiltzarkideek egungo eta etorkizuneko egoerari buruzko ikuspuntuak eman dituzte.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)