UNICEF Euskadik eta Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailak antolatua gaur goizean EITBren Multibox aretoan “Haurren eta nerabeen ongizate digital Euskadin” izeneko jardunaldia izan da. Topaketa honek ingurune digitalean umeek eta nerabeek dituzten eskubideei eta ongizateari buruzko etorkizuneko politika publikoen oinarriak ezarri nahi iza ditu. Gaiaren muinari erreparatuta Nerea Melgosa sailburuak adierazi du erronkari alarmismotik baino arduratik aurre egin behar zaiola. “Gure ume eta nerabeen orainari eragiten dion gai bati heltzeko bildu gara, baina baita eraiki nahi dugun jendarte ereduari oratzeko ere. Jardunaldi honek inflexio puntu bat markatzea nahi dut, kezka bat partekatzetik herri erantzun bat eraikitzera pasa gaitezen” adierazi du Melgosak.
Ekitaldian sailburuarekin batera Joseba Madariagak UNICEF Euskadiko presidenteak parte hartu du. “Hausnarketak proposamen bihurtu behar ditugu eta proposamenak ekintza zehatz. Gure ume eta nerabeen etorkizun digitala orain ari da eraikitzen eta etorkizun horretan aske, seguru eta eskubide guztiak bermatuta hazi daitezen erantzukizuna daukagu” azaldu du Madariagak. Jardunaldiaren hasieran Juan Manuel Machimbarrenak, EHUko irakasleak, UNICEF Euskadik duela gutxi argitaratu den Haurtzaroa, Nerabezaroa eta Ongizate Digitala txostenaren zertzeladak eman ditu. Txostenak jasotzen duen bezala ume gehienen ustetan ziberjazarpena aurrez aurrekoa jazarpena baino gehiago ematen da eta Machimbarrenak gehitu du orokorrean aurrez aurreko jazarpena jasaten dutenek ziberjazarpena ere jasaten dutela. Txostenak dakartzan arlo positiboen artean honakoa nabarmendu du EHUko irakasleak: eskola-biktimizazioaren prebalentzia ( % 32tik % 22ra) eta ziberbiktimizazioa ( % 19tik % 6,4ra) nabarmen jaitsi dira 2021eko azterlanarekin alderatuta. “Nerabeen pornografiaren kontsumoa ere hor dago, hori ez da neutroa eta ondorio latzak izan ditzake. Noren esku ari garan uzten gure nerabeen heziketa sexuala influencer-engan, gurasoengan?” adierazi du Machimbarrenak.
Euskadin erabiltzaile gazte guztien %5ak baino ez du mundu digitalaren erabilera gatazkatsua egiten. “Ez gaude pandemia baten aurrean baina kopurua txikia izanda ere kezkatzeko modukoa da nerabe horien ongizatea edo osasun mentala kaltetu egiten direlako. Argi dago lagundu behar diegula” azaldu du ongizate digitalean aditua den Machimbarrenak. Modu berean azpimarratu du nerabeen erdiak baino gehiagok deskonexioa eskatzen dutela. “Ez da helduen inposizioa, eurek eskatzen dute deskonexio hori eta honetaz baliatu behar gara edozein aldaketa planteatzerako orduan” azaldu du EHUko irakasleak.
Txema Ezkerra Familia, Haur eta Nerabeen zuzendariak gizarte-eragileekin, erakundeekin, adituekin, familiekin eta haurren partaidetzarekin konplizitate-sare bat ehuntzen jarraitzeko beharra mahai gainean jarri du. "Erronka ez da soilik pantailen erabilera-denbora arautzea, baizik eta ingurune horietan segurtasunez, irizpidez eta autonomiaz moldatzea bermatzea", zehaztu du Ezkerrak.
Era berean, Maialen Garmendiak (EU Kids Online), Charo Sabadak (Ingurune Digital Seguruaren Adituen Batzordea), Rosa Perezek (Gaptain) eta Tomas Iriondok (GAIA) honako lau lan ildoen aurkezpena egiten dute:
- Teknologiaren erabilera problemtikoa eta indarkeria digitala
- Eduki eta zerbitzu digital egokietarako sarbidea
- Alfabetatze digitala eta guraso bitartekaritza
- Segurtasuna ingurune eta zerbitzu digitaletan
Aurkezpena adi entzun eta gero elkarte, unibertsitate, gizarte eragile, administrazio eta bestelako erakundetako 80 pertsona inguruk (tartean gurasoak eta nerabeak ere) umeen ongizate digitala hobetzeko proposamenen lanketa bat egin dute zortzi mahaitan banatuta. Hauek dira jardunaldiaren amaieran ume eta nerabeen ongizate digitalean aurrera pausoak emateko jasotako proposamenetariko batzuk:
- Eskubide digitaletan gero eta arreta gehiago jartzea eta horiei buruzko ezagutza areagotzea
- Aisialdi elkarteei, familiei eta hezkuntza zentroei eragitea hezkuntza proiektu komunitario eta bateratu bat lortzeko
- Familiei laguntzeko formazio zentro gehiago izatea
- Nerabeek jaso nahi ez dituzten mezuen berri emateko leku eta pertsonen izendapena, hau da Ongizate Digitalerako protokolo berri baten beharra
- Mundu digitalaren larregizko erabilerak sortzen duen arriskuaren zabalkundea
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)