Bizi-bizi

Liburutegiak sortu eta kontalari boluntario taldearen gogoari eta lanari esker, 2014ko otsailetik abian den egitasmoa da. Garaiaren arabera, maiztasuna aldatuz joan da boluntarioen aukeren neurrira, baina irailetik ekainera bitarte, hilean gutxienez, ostiral bat ipuinez jostea lortu izan da. Tartean, liburuaren eta liburutegiaren egunak aitzaki, saio bereziak antolatzen dira.

Hasiera, saio bakarra egiten zen, eta bertan 3 urtetik aurrerako haur guztiak batzen ziren. Eskaintza aberasteko helburuarekin, 2016an ipinen ordua bi adin-tartetan bereizi zen (2-4 eta 5etik aurrera), tarte bakoitzerako egokiak ziren edukiak aukeratzeko asmoz. Era berean, entzuleen beharrei erantzunez, 2018an, adin tarteak gehiago bereizi ziren, egun mantentzen den hiru saioko formatua finkatuz. Edukiak adin tarte horietarako egokitasuna zainduz aukeratzen saiatzen gara: 2-4 urte, 5-7 urte eta 8-12 urte. Dena den, nagusiagoen taldeetan parte hartzeko aukerarik izan ez arren, txikiagoen saioak entzuteko aukera irekita daukate gaztetxoek.
Sorrera unean bost saio finkatu genituen arren, saioen, gurasoen, boluntarioen eta liburutegiaren balorazioa positiboa denez, eta gaztetxoen harrera bikaina, unean uneko errealitatera egokituz saio berriak antolatzen jarraitzen dugu.
2024. urtean hamar urte bete zituen dinamikak eta hori ospatzeko hainbat jarduera antolatu ziren. Horien artea, kontalarien bizipenak jaso eta zabaldu ziren. Eskerrik asko kontalari boluntario jardun duzuen edota jarduten duzuen denoi!
2016an Goienak argitaratu zuten dinamikari buruzko bideo-erreportaia:
Gaztetxoak entzule izateaz haratago kontalari bihurtzen diren saioak dira: banaka, binaka, talde txikietan edo heldu baten laguntzaz kontatzen dute.

Liburutegiak bultzatuta eta gaztetxoen gogoari eta ilusioari esker 2016tik liburutegian abian den dinamika da. Adin desberdinetako kontalari ugari entzuteko sortea izan dugu orduz geroztik.
Urtean, gutxienez bi saio eskaintzen dira. Ondoren kontalari gaztetxoen izan-ematearen esku geratzen da saioek aurrera egin edo ez.

Haurrentzako nahiz helduentzako kontalaritzari eta ahozkotasunari buruzko formazio saioak dira Orokorrean, gazte nahiz helduentzako saioak antolatzen ditugu, baina noiz behinka, haurrentzako tailerrek ere izaten dute lekua.
Ipuin edo istorio aukeraketatik hasi eta aukeratutako hori kontatzera heltzerainoko bidea adituen laguntzaz era ludikoan jorratzeko lantegiak. Profesional asko izan ditugu gure artean: Saroa Bikandi, Virginia Imaz, Bego Alabazan, Eneko Haritza, Maider Galarza, Pedro Alabazan, Amai Elizagoien, Maite Franko eta Lierni Fresnedo.
2013an antolatu zen lehenengo saioa, eta orduz geroztik, gutxienez, bi urtean behin eskaintzen dira.
0 eta 2 urte arteko txikiek eta beraiekin datozen helduek ahozkotasunaz, ipuinez, kantuez, jolasez, literaturaz, laztanez gozatzen ikasteko saio gidatuak dira.
2014tik programatzen den eskaintza da, normalean, bi urtean behin familia guztiei parte hartzeko aukera bermatzeko.
Profesionalak kontratatuta edo boluntarioen eskutik antolatzen diren saioak dira.
Urtearen arabera aldatzen dira, baina, badira, gaur gaurkoz, finko mantentzen direnak ere, adibidez, helduentzako M8 kontaketa, eta Liburutegia plazara dinamikaren baitan antolatzen den familientzako saioa.
Aurrez zehaztutako irakurketen inguruan jarduteko taldeak dira, orokorrak edota gai zehatzei buruzkoak izan daitezke.

Gai desberdinak abiapuntutzat hartuta, liburutegiko baliabideak eremu zehatzetan kokatzen dira erabiltzaileen arreta erakartzeko.
Interesgune finkoen eta aldakorren bidez funtsak ezagutaraztea eta hautatutako gaiak plazaratzea da helburua.
Ekintza edo dinamika desberdinei lotuta ere aurkezten dira.
Irakurleei irakurketak aukeratzen laguntzeko prestatzen diren zerrendak dira.
Orientazioa emateko, gaiak plazaratzeko, gaietan sakontzeko edota zaletasuna pizteko erabiltzen dira.
Sarri interesgune batekin lagunduta aurkezten ditugu: heriotza, sexualitatea, berdintasuna, aste berdea....
Eskualdeko gainontzeko liburutegiekin elkarralean gomendioz betetako bi gida kaleratzen ditugu urtean.
Neguko gida
Biblioporra
Gai desberdinei buruzko ezagutza partekatzeko formatu eta jatorri desberdinetako ekintzak dira.
Astrotopaketak, esate baterako, komunitatetik eta komunitatearentzat sortutako Astronomiari buruzko hilean behin eskaintzen diren saioak dira.
Formatu desberdinak hartu ditzakeen arren, oinarrian, liburuen azalen ordez pertsonen aurpegiak eta idatzi-irakurritako hitzen ordez kontatu eta entzundako hitzak dituen dinamika da. Hau da, aurrez zehaztutako gonbidatuak dira hizlariak, eta arloren bati lotutako beraien bizi esperientzia kontatzen diete, gure kasuan, gehienez, hiru edo lau entzuleko taldetxoei.
Elgetan, komunitatea ezagutzea eta indartzea, eta pertsonak erdigunean jarriz gizarte-kohesioa sustatzea helburu duen dinamika hau 2024tik dago abian. Eta asmoa, dena ondo bidean, hurrengo urteetan edizio berriak antolatzen jarraitzea izango litzateke, bi urtean behingo ekintza bihurtuz.

Zure bizipenen bat partekatuz parte hartu nahi baduzu jakinarazi liburutegian.
Urtez urte txandatzen diren bi dinamika dira: sexualitatea ardatz duena (BiblioBero) eta, heriotza eta dolua ardatz dituena (BiblioHotz).
Gai horien inguruko bilduma ezagutarazteaz gain, hainbat ekintzaren bidez, tabuak hautsiz gai horien mila erpinak lantzeko espazioak sortzea da helburua.
Ezagutza partekatu eta herrigintza sustatuz, hainbat proiektu bultzatu, prestatu, kudeatu eta dinamizatzeaz arduratzen diren sare zein talde motorretako kide da liburutegia. Besteak beste, Elgetako Herri Hezitzailea taldeko eta Altxa Burua heziketa digitaleko sareko kide da.
Hainbat proiektu edo dinamikaren alde, borondatez eta doan, talde-lanerako egiten diren lanaldiak dira.
Herritarren eta belaunaldien arteko elkarlana zein ezagutza-transmisioa sustatuz, arlo ugaritan dihardugu; esate baterako, sendabelar baratzean eta herri-zaintza proiektuan.
Liburutegia ezagutzeko prestatutako bisitak dira.
Adibidez, eskolako ikasleekin (HH4tik LH6ra) urtean saio bana egiten dugu. Jarduera desberdinen bidez, gozatuz, liburutegiko baliabideak ezagutu eta erabiltzen ikasteko. Horiei lotuta dinamika osagarriak ere proposatzen ditugu.
Liburutegiko urteko egutegia eta harremanetarako datuak zabaltzeko, zein irakurtzen non geratu zaren markatzeko sortutako orri-markatzaileak dira.
Lehiaketa bidez aukeratutako herriko artistek sortutako marrazkiekin apaintzen ditugu.
Hainbat dinamika proposatzen dira, besteak beste, sormena, irudimena eta adierazpen artistikoa bultzatzeko. Horren harira, sarri, erakusketak prestatzen dira jasotako lanak erakusteko eta sariak zozketatzen dira parte hartzaileen artean.
Euskarazko mintzapraktika egitasmoa da. Bidelagunak eta bidelariak batzen ditu talde txikietan, astean ordubetez euskaraz jarduteko.
2015ean Udalak kanpo-kontratazio bidez jarri zuen martxan, eta 2017az geroztik liburutegiaren bidez dinamizatzen du.
Zerrendatutakoez gain, bestelako dinamikak ere eskaintzen ditu liburutegiak: mailegu erabiltzaileen arteko liburu zozketa, Liburutegia Plazara, ipuin-kontaketa bereziak, formazio-saioak edota tailerrak, erakusketak, elkarlan desberdinen bidez sortutakoak, eta abar.


