Elgetako liburutegia

Zugandik hurbil!

Hil arte bizi hitzaldi zikloa

Argitalpen-data: 

BiblioHotz

Ziklo honen helburua, herritarrek heriotzaren inguruan dituzten eskubideak ezagutu eta hartu ditzaketen erabakiak hartu ahal izateko informazioa eskaintzea da.

Bizitzan zehar gai garrantzitsuen inguruan gure izatearekin bat datozen erabakiak hartzen ahalegintzen gara, baina heriotzaren inguruan dagoen tabuak kamustu egiten gaitu eta ikasi beharreko gutxienekoak ezagutu gabe gabiltza.

Hitzaldi hauen bidez, modu atsegin eta errazean, hainbat gai azalduko dira eta norbere ideiak idatziz jasotzeko tarteak ere eskainiko dira.

Hitzaldi zikloa

Sei hitzaldien bidez gairik gai joango gara aurrera egiten:

  1. HERIOTZAZ HITZ EGITEAK EZ GAITU HILKO. Heriotzaren inguruan eraiki den beldurra nola deseraiki dezakegun gogoetatuko dugu. Eta gure indarguneei begiratuko diegu.
  2. BIZITZA AMAIERAN, GURE MODUA. Testamentuak, baldintzatutako botere orokorrak, adin txikikoen tutoretzak gure modua eraikitzeko tresnak dira. Hauen muga eta aukerei buruz hitz egingo dugu.
  3. MAITASUNA, HERIOTZAREN GAI NAGUSIA. Maitasunari begiratuko diogu. Gorpua bideratzeko eta heriotza osteko prozedurei buruz hitz egingo dugu. Ilunari argia eginez.
  4. GURE AGURRA.Agurrak egiteko aukerei buruz hitz egingo dugu. Bizitza digitala ikusiko dugu, eta gure legatua nola adierazi daitekeen ere gogoetatuko dugu.
  5. OSASUNGINTZARI BEGIRA HASI… Osasungintzan herritar bezala ditugun eskubideak begiratzen hasiko gara. Aurretiazko Borondateen Dokumentuaren oinarria den Pazientearen Autonomia, eta zaintza aringarriei buruz jardungo dugu.
  6. OSASUNGINTZARI BEGIRA JARRAITU…ETA AGUR ON! Eutanasia eta hilurreneko sedazioa ezberdinduko ditugu. Erabakien lorea zirriborratu, eta erabakiak ordenatuta uzteko proposamena azalduko dugu.

Gaia erraza ez dela jakin arren, herritarrek heriotzaren aurrean dituzten eskubideak ezagutu eta baliabideak eskuratzen laguntzeko apustua egin du Elgetako Udalak liburutegiaren bitartez eskaintza honen antolakuntzarekin.