Bakio

Bakioko Udal Liburutegia

Uruguaiko Real de San Carlos Frontoiaren inaugurazioan izan da Bengoetxea lehendakariordea

Argitalpen-data: 

Ekitaldian, Bengoetxeak Yamandú Orsi Errepublikako presidentea Euskadi bisitatzera gonbidatu du

Ibone Bengoetxea lehendakariorde eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua Real de San Carlos Frontoiaren inaugurazio ekitaldian izan da, Uruguaiko Colonia de Sacramento hirian.

Ekitaldia Argentinan eta Uruguain ospatzen ari den Munduko Pilota Txapelketaren baitan egin zen, Euskadik lehen aldiz selekzio ofizial bezala jokatzen duelarik.

Frontón Euskaro Real de San Carlos bezala ezaguna den pilotaleku historiko honen inaugurazioan Yamandú Orsi Uruguaiko Errepublikako presidentea eta Xavier Cazaubon Euskal Pilotaren Nazioarteko Federazioko presidentea izan dira. Lehendakariordea Uruguaiko errepublikako presidentearekin bildu da eta Euskadi bisitatzera gonbidatu du.

Real de San Carloseko Pilotalekuaren inaugurazio ofiziala baino lehen, Ibone Bengoetxea Euskadiko selekzioaren bi partidatan izan da, gizonezkoetan zein emakumezkoetan.

San Carlos pilotalekua 1910eko eraikin historikoa da, herrialdean eraikitako zementuzko lehen eraikinetako bat eta monumentu kategoriarekin babestua. Josip Markovic arkitekto kroaziarrak egin zuen eta hormigoi armatuz eraiki zen. Frontoiak 64 metroko luzera du, 21 metroko zabalera, eta 3.000 ikuslerentzako lekua izan zuen. Hainbat urtez utzita egon ondoren, erabat birmoldatu dute, eta Latinoamerikako frontoirik onenetako bat da, hainbat pilota modalitate jokatzeko aukera eskainiz.

Lehendakariordea pozik agertu da Munduko Pilota Txapelketaren hasierarekin, "Euskadik presentzia garrantzitsua izan baitu". Hala, inaugurazio-ekitaldian "asko izan ziren gure herrialdeari egindako erreferentzia positiboak, eta ordezkaritza eta federazio guztiek eskubide bereko kide gisa hartu gaituzte", azpimarratu du.

Orsiri gonbidapena

Era berean, Uruguaiko Errepublikako presidentearekin izandako bilera nabarmendu du, bi herrialdeen gaurkotasunari buruzko gaiak partekatu baititu. Bengoetxeak gogora ekarri du Pepe Mujika presidente uruguaidarrak 2015ean Euskadira egindako bisita, eta hala, Orsi Uruguaiko lehen agintaria gonbidatu du Euskal Herrira.

San Carloseko Errege Pilotalekuaren inaugurazioak amaiera eman dio lehendakariordeak Argentina eta Uruguaira egin duen bidaia ofizialari. Bidaia horren helburua euskal gizataldea bisitatzea eta Munduko Pilota Txapelketaren hasieran parte hartzea izan da.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)

 
Jarraitu gaitzazu

Sare sozialetan