- Horietatik 90 errekrutatze fasean daude eta paziente berriak sartu ahal izango dituzte. Alberto Martínez Osasuneko sailburuak Euskadi Minbiziaren Aurka IV. Kongresuan parte hartu du. Kongresuaren helburua da pazienteak eragile eraldatzaile gisa balioestea
- Tresna berriak modu argi eta eskuragarrian jasotzen ditu Euskadin eskura dauden ikerketa-aukerak, eta saiakuntza klinikoen erabilera ekitatiboa indartzen du
- Eusko Jaurlaritzak, gainera, aurrera egin du pazienteen parte-hartzeari buruzko Estatuko lehen legean, pazienteen esperientziak benetan eragin-ahalmena izan dezan osasun-erabakietan
Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuak Euskadi Minbiziaren Aurka IV. Kongresuaren inaugurazioko mahai-inguruan parte hartu du gaur, Donostiako Kursaal Jauregian, “Pazienteak eragile eraldatzaile gisa” lelopean. Minbiziaren Aurkako Euskadiko Elkarteak antolatu du topaketa, eta paziente, senide, profesional eta herritarrei zuzentzen zaie.
Martínezek defendatu du minbizia duten pertsonen esperientziak benetako zeresana izan behar duela osasun-sistemaren hobekuntzan. “Pazientearen ahotsa kontuan hartzen denean, osasun-arreta aldatzen da. Galdera ez da pazienteari entzun behar diogun, baizik eta, pazienteari entzun ondoren, zenbateraino eraldatzeko prest gauden”, eman du aditzera.
Ikerketa hurbiltzeko plataforma
Sailburuak gogorarazi du abian jarri dela Onkologiako Saiakuntza eta Ikerketa Proiektuen Plataforma Bakarra. Osasun Sailaren tresna komun horretan, Euskadin eskura dauden saiakuntza kliniko onkologikoak jasotzen dira eta profesionalei aukera ematen zaie egungo ikerketa-aukerak ezagutzeko eta pazienteei eskaintzeko.
Gaur egun, Euskadik 92 saiakuntza kliniko onkologiko ditu, eta horietatik 90 errekrutatze fasean daude, hau da, paziente berriak hartzeko irekita. Plataforma bakarraren helburua da saiakuntzetan modu ekitatiboan parte hartu ahal izan dadin bermatzea, informazio argia ematea eta osasun-sistemak ikerketa eta berrikuntza erakartzeko duen ahalmena indartzea. “Ondo emandako informazio eskuragarriak eta argiak bizitza errazten digu. Plataforma horrek tratamendu berriekiko konfiantzarako eta itxaropenerako leihoa zabaltzen du”, adierazi du Alberto Martinezek.
Ekimena Euskadiko 2025-2030 Plan Onkologiko Integralaren barruan sartzen da, eta Osasun Sailak onkologia osasun-arloko ikerketa-ildo nagusi gisa kokatzeko egindako apustuari erantzuten dio. Helburua da saiakuntzen kopurua eta pazienteen parte-hartzea handitzea, eta, horretarako, aukera-berdintasuna eta terapia berritzaileen eskuragarritasuna bermatzea.
“Ikerketa gehiagok osasun hobea esanahi du, aukera gehiago eta itxaropen handiagoa pazienteentzat”, nabarmendu du sailburuak.
Minbizia, gizarte osoaren erronka
Minbiziak gizarte osoari eragiten diola gogorarazi du Alberto Martínezek. Heriotza kausa nagusia da Euskadin, lehenengo arrazoia gizonen artean eta bigarrena emakumeen artean, gaixotasun kardiobaskularren atzetik.
Edonola ere, sailburuak itxaropen-mezua helarazi nahi izan du, prebentzioan, diagnostikoan, tratamenduan eta ikerketan egindako aurrerapenak aintzat hartuta. Bost urterako biziraupena hobetu da tumore gehienetan, eta % 88ra iristen da bularreko minbizian eta % 90era prostatako minbizian.
“Prestakuntzan eta asistentzian ikasi, ikertu eta eboluzionatu dugu. Etorkizunari itxaropenez begiratzeko arrazoi errealak daude”, ohartarazi du.
Saihestea eta garaiz detektatzea
Sailburuak detekzio goiztiarraren garrantzia nabarmendu du, batez ere tumorea hasiberri fasean diagnostikatzen denean. Arlo horretan, Osakidetzaren baheketa-programak nabarmendu ditu. Izatez, bularreko minbizirako baheketetara gonbidatutako populazioa 48 urtera arte zabaldu ahal izan da, eta koloneko minbiziaren ondoriozko heriotza-tasa % 50 murriztu.
“Euskadiko baheketa-politika erreferente izaten ari da nazioartean, eta bide horretatik jarraitzera animatzen gaitu”, adierazi du Martínezek, eta erantsi du Osasun Sailak programa berriak garatzen jarraitzen duela, hala nola zerbix, prostata eta biriketakoa.
“Gaixotasunari aurrea hartzea eta ohitura osasungarriak sustatzea ez dira aukerak, baizik eta pertsona guztien osasuna babesteko zabaldu behar ditugun lehentasunak”, defendatu du.
Pazientearen esperientzia, ezagutza-iturri
Sailburuak azaldu duenez, Euskadiko Osasun Itunak pazienteen esperientzia eta ebidentzia zientifikoa ezarri zituen osasun-emaitzak hobetzeko funtsezko ezagutza-iturri gisa.
“Euskadiko Osasun Itunak utzi zuen ondorioak eragile guztien adostasuna jaso zuen: osasunaren arloko emaitzen garrantzia. Pazienteen esperientzia eta ebidentzia zientifikoa bihurtzen dira ezagutza-iturri nagusi”, azaldu du.
Martínezek aitortu du diagnostiko onkologiko batek eragina duela eraginpean dagoen pertsonaren bizi-kalitatean zein ingurukoenean. “Egoera horietan zalantzak larritu egiten gaituzte eta beldurrak hartzen gaitu. Hori dela eta, garrantzitsua da bakarrik ez gaudela eta ondo zainduta gaudela sentitzea, profesional bikainen eta abangoardiako azpiegiturak eta teknologia dituen osasun-sistema publiko baten eskuetan”, eman du aditzera.
Eragin-ahalmena duen parte-hartzea
Osasun Sailaren iritziz, pazienteen parte-hartzea ez da haiek esaten dutena entzutera mugatu behar: benetako aldaketak ekarri behar ditu zerbitzuetan eta osasun-politiketan, baita pazienteen bizitzan eragina duten erabakietan ere. “Pazienteen parte-hartzeak ez luke haiei entzuteko borondatearen mende egon behar, haiei entzundakoa aintzat hartzeko konpromisoaren mende baizik”, adierazi du sailburuak.
Ildo horretan, pazienteen parte-hartzeari buruzko Estatuko lehen legea prestatzen ari da Euskadin, eta lege horrek pazienteak aitortuko ditu osasun-sistemaren solaskide aktibo gisa.
“Lege horren bidez, pazienteei protagonismoa aitortu nahi diegu, haien parte-hartzea egituratu nahi dugu eta benetako eragin-ahalmena eman. Haien esperientziak osasun-politikak definitzen, zerbitzuak hobetzen eta erabakiak bideratzen lagundu behar du”, jakinarazi du Martínez sailburuak.
Kongresuaren irekiera mahai-inguru formatuan egin da, eta bertan parte hartu dute Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Alberto Martínez Osasuneko sailburuak, Jon Insausti Donostiako alkateak, Ramon Reyes Minbiziaren Aurkako Elkarteko Estatuko presidenteak, Marisa Arriola Elkarteko Euskadiko presidenteak eta Rosa Gómez paziente eta entitateko boluntarioak.
“Pazienteak eragile eraldatzaile gisa” lelopean, parte-hartzaileek aztertu dute erakundeek nola lagun dezaketen minbizia duten pertsonak eta haien familiak eragile aktibo izan daitezen, arreta, ikerketa eta osasun-politikak hobetze aldera.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)