Bla, bla, bla….
liburuak hankaz gora.
Datorren ikasturterako irakurketaren inguruan haurrentzako irakurketa klubaren berri eman nahi dizuegu. Azken bi urtetako esperientzia positiboa jarraituz, Lehen Hezkuntzako ikasleentzat irakurketa klubak 2026 /2027ko ikasturtean Legazpiko Udal Liburutegian izaten jarraituko dute ere.
Hona hemen xehetasunak:
NORENTZAT
LH4., LH5. eta LH6. mailetako haurrentzat izango da. Saioak euskaraz izango dira.
JOLASA DA SAIO HAUEN ARDATZA
Liburuak, poemak, komikiak, aho-korapiloak eta eskulan-literarioak aitzakia hartuta, irakurmenari, ahozkotasunari eta literaturari ateak zabaltzen zaizkie.
Liburuekiko, irakurketarekiko, kulturarekiko, artearekiko eta istorioekiko grina elikatzea da helburua. Desira eta interes hori desaktibatuta dagoen kasuetan, berriro pizteko bidea marraztuz. Eta oraindik bizirik dagoen kasuetan hauspotuz.
Liburu bat eramango dute etxera hilero-hilero. Liburutegiak maileguan utziko dizkie. Batzuetan liburu berdina eramango dute guztiek. Beste batzuetan liburu desberdinak izango dituzte beraien artean. Askotariko obra desberdinak dastatzeko lekua izango da. Izan ere, saio hauek bibliografia bat oinarri izan arren, bizirik daude.
Liburu horiez gain, askotariko beste liburu, artefaktu eta materialak aurkeztuko zaizkie saiorik saio.
Hitzekin eta irudiekin, ahotsarekin zein idatziz, proiektu txikiak josten joango gara saiorik saio. Ikasturte bukaeran proiektu eta ibilbide osoaren arrastoa biltzen duen bilduma bat izango dugu.
SAIO GIDATUAK
Saioak, aditua den Mireia Delgado pedagogo eta bitartekariak gidatuko ditu.
SAIOEN EGITURA
Esan bezela, saio hauek bibliografia bat dute oinarri. Liburutegiak liburu horiek saioetarako prest izango ditu haurrek saiorik saio liburu bat etxera eraman dezaten. Saioan zehar liburu hori aurkeztu eta irakurri dezaten bidea erraztuko zaie. Eta hurrengo hilabeteko saiorako irakurrita ekarriko dute (horretan ahaleginduko gara behintzat). Honela, etxean egindako irakurketarekin jaso dituzten inpresioak denen artean partekatuko dituzte.
Beraz, alde batetik etxera eramango duten liburua dago, eta bestetik, literatura eta liburuekin gozatzeko egin daitezkeen ekintza eta jolas literario, poetiko eta sortzaile andana egongo dira.
SAIOEN IRAUPENA, ORDUTEGIA eta MAIZTASUNA
60 minutukoa izango da saioen iraupena eta hilean behin elkartuko dira liburutegian, astelehenetan. Irailean izango da lehenengo saioa. Izen-ematea liburutegian egin daiteke ekainetik aurrera.
Ordutegia: 16:45-17:45.



