Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 350.000 euro bideratuko ditu Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegi-zerbitzuen erabilera eta irakurketa sustatzeko. Euskal Autonomia Erkidegoko liburutegi publikoen titular diren udalek, toki-erakunde eskudunek eta udal-liburutegi publikoen arloko eginkizunak esleituta dituzten udal-erakundeek eskatu ahal izango dituzte laguntzak.
Irakurzaletasuna sustatzeko, batez ere haur eta gazteen artean, eta Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietan kultura eta liburutegi zerbitzuak hedatzeko jarduerak lagunduko dira diruz. Besteak beste, honakoak:
- Irakurzaletasuna sustatzearen arloan profesionalei prestakuntza espezifikoa emateko jarduerak.
- Irakurketako jarduera osagarriak (ipuinaren ordua, irakurketa-tailerrak eta abar).
- Liburuen inguruko erakusketa bibliografikoak, solasaldiak eta abar antolatzea.
- Literatura-lehiaketak antolatzea, haur eta gazteentzako literatura barne.
- Liburuak eta liburutegiak sustatzeko kanpainak, bereziki haur eta gazteen artean irakurle berriak erakartzeko..
Dirulaguntzak banatzeko irizpidea biztanleriaren araberakoa izango da eta erakunde onuraduneko haurren eta gazteen biztanleria, 0 eta 18 urte artekoa, hartuko da kontuan. Gainera erakundeek aurkeztutako proiektuen aurrekontuaren %75erainoko dirulaguntza jaso ahal izango dute eta laguntza hori ez da inoiz 30.100 euro baino gehiagokoa izango.
Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita (argitaratzeko data 2024/08/26)
Iazko deialdian guztira 146 udalek jaso zuten Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegien zerbitzuen erabilera eta irakurketa sustatzeko dirulaguntza.