"El verano en que mi madre tuvo los ojos verdes", Tatiana Tbuleac

Liburutegia:
Errenteriako Udal Liburutegiak
Gaiak:
Eleberria
Gomendatuta:

El verano en que mi madre tuvo los ojos verdes

Aleksy margolari ospetsua da eta bere lanean blokeatuta dabil. Hori gainditzeko, psikiatra batek bere amarekin pasatako azken udako oroitzapenak idaztea gomendatzen dio. Urte asko igaro dira, baina Frantziako herri hartan bizitako emozioek Aleksy berriro astindu dute: gorrotoa, tristura, amorrua. Eta, agian, baita barkamena, onarpena eta maitasuna ere. Eleberria, ama-semeen arteko harremanen zailtasunari, besteekin eta norberarekin bakeak egiteko beharrari, bizitzari eta heriotzari buruz mintzo da. Estilo gordin bezain poetikoarekin, Aleksyren mundu-ikuspegi originala islatzen du eta irakurlea astintzea lortzen du. Ez du inor axolagabe uzten. Bere argitalpenak zalaparta handia sortu zuen Moldavian eta Errumanian, eta ustekabeko arrakasta izan da Europako hainbat herrialdetan.

Tatiana Tîbuleac

Tatiana Tîbuleac moldavia-errumaniar idazlea da (moldaviar jatorrikoa, errumanieraz idazten du). Chisinaun jaio zen, Moldaviako hiriburuan, 1978ko urriaren 15ean. Egungo Moldavia SESBen parte zen, eta Ukrainaren (ipar-ekialdean) eta Errumaniaren (hego-mendebaldean) artean dago. Alaba bakarra zen; aita kazetaria zuen eta ama editorea eta beraz, egunkariz eta liburuz inguratuta hazi zen. Laster zaletu zen irakurtzera. Elkarrizketa batzuetan esan du bere idazlerik gogokoena Txekhov izan dela beti, eta beti eramaten dituela aldean bere errusierazko lanak.

Kazetaritza eta Komunikazioa ikasi zituen Moldaviako Unibertsitatean, eta hainbat urtez komunikabideetan lan egin zuen erreportari, zuzentzaile eta itzultzaile gisa. 1995ean ekin zion bere ibilbideari FLUX egunkarian, bere herrialdean zabalkunde handia izan zuena, eta bere zutabe propioa izan zuen, «Egiazko istorioak» izenekoa. Lau urte geroago, telebistan hasi zen lanean Pro TV Chisináu katean. Kazetari gisa, pertsona ezberdinen eta ezezagunen istorioez interesatu zen, interesgarriagoak iruditzen baitzitzaizkion: pertsona pobreak, gaixotasun mentalak edo arazo sozialak zituztenak. UNICEFen Moldaviako bulegoan ere lan egin zuen.
2007an kazetaritza utzi eta 2008an Parisera joan zen bizitzera. Ez zekien frantsesez Frantziara iritsi zenean eta, beraz, urte batzuetan ingelesezko komunikazioan aritu zen. 2014an argitaratu zuen bere lehen liburua, migrazioari buruzko Fábulas modernas kontakizun bilduma. 2017an argitaratu zuen bere lehen eleberria, El verano en que mi madre tuvo los ojos verdes. Urtebete geroago, beste bat etorri zen, El jardín de vidrio izenekoa, eta 2019an Europar Batasuneko Literatur Saria eskuratu zuen.

Bibliografia

- El verano en que mi madre tuvo los ojos verdes (Impedimenta, 2019)
- El jardín de vidrio (Impedimenta, 2021)

Sariak

- 2020. Liburudendek aholkatzen dute Saria (CEGAL)
- 2019. Cálamo Saria Urteko liburua 2019: El verano que mi madre tuvo los ojos verdes
- 2019. Madrilgo Liburudenden Urteko Liburua (Finalista)
- 2018. Moldaviako Idazleen Batasunaren Saria (Errumania)
- 2019. Observator Cultural Saria (Errumania)
- 2019. Lyceum Saria (Errumania)
- 2019. Europar Batasuneko Literatur Saria

Kritika

Kritikak, idazle honen estilo gordinari darion poesia ere nabarmendu du, idazlearen ustetan egiten ez zekiela ziurtatzen duena: "Kritikariei uzten diet nire estiloa sailkatzeko lana. Idazteaz bakarrik arduratzen naiz, eta ez literatur generoaz. Nahiz eta beti bilatzen dudan deskribatzen ditudan irudiek erreakzio emozionala eragitea", dio.
Eleberriaren hasieran islatzen den gorrotoa gehiegizkoa dela diotenei, berriz, hori beren larruan bizi izan ez dutelako pentsatzen dutela dio, eta bere liburuek kazetari izatearekin eta urteetan zehar gizarte gaiez informatu izanarekin zerikusia dutela dio, besteak beste, umezurztegiak bisitatuz.
-Aipamena La Vanguardia-n (EFE).

Estekak

Euskadi, auzolana