"El secreto de la fuerza sobrehumana", Alison Bechdel

Liburutegia:
Errenteriako Udal Liburutegiak
Gaiak:
Komikiak eta eleberri grafikoak
Gomendatuta:

Alison Bechdelen azken nobela grafikoa gomendatu nahi dizuegu. Idazlearen lana ezaguna baduzue, ez dizue hutsik egingo! Bederatzi urteko isilunearen ondoren argitaratu duen artelana da. Idazlearen hasierako asmoa kirolari buruzko komiki arin bat egitea bazen ere, bere aurreko lan arrakastatsuen antzera (Fun home: una familia tragicómica, 2016 eta ¿Eres mi madre?: un drama cómico, 2012), autobiografia intimo bat osatu du berriz: identitatea, mortalitatea, adikzioa eta belaunaldi oso baten poz eta kezken kronika egin du.

Tituluan aipatzen duen “sekretu iheskor” horren bila eta bere estilo sakon eta aldi berean umoretsua erabiliz, ariketa fisikoarekin duen pasio edo adikzio ia obsesiboaz hitz egingo digu, 60ko hamarkadan hasi eta 2010ko hamarkada arteko tartea hartzen duen komikian. Eskia, korrika, karatea, txirrindularitza, trekkinga, yoga… gaztetatik hasita, garaian garaiko kirol guztiak probatuko ditu. Zahartzen doan heinean, ordea, kirolarekin duen harremana aldatuz joango da, eta honek, “sekretu” hori beste lekuetan begiratzera eramango du. Escribo sobre cómo la búsqueda de una buena forma física se ha convertido para mí en un vehículo hacia otra cosa” 23.orr.

Liburu honetan ere ez dira faltako bere liburu gustokoenen erreferentziak, beste idazleen bizitzak (William eta Dorothy Wordsworth, Samuel Taylor Coleridge, Ralph Waldo Emerson, Margaret Fuller, Jack Kerouak...), terapia psikologiko eta pentsamendu filosofiko desberdinen analisiak, besteak-beste.

Komiki autobiografiko hauez gain, Bechdelek 25 urtetan zehar (1983-2008), Estatu Batuetan oso ezagunak egin ziren Unas lesbianas de cuidado komiki tirak argitaratu zituen. Bere izaera borrokalariagatik, kontrakulturaren ikono bihurtu ziren. Tira hauetako bati esker (The rule), oso famatua egin zen agian entzuna izango duzuen Bechdel testa. Test hau, filmetan dagoen matxismo edo misoginia neurtzeko sistema bat da. Honen arabera, pelikulak ezinbestekoa du baldintza hauek betetzea testa pasatzeko:

1. Gutxienez bi pertsonaia emakumezko ateratzea.

2. Pertsonaia horiek behin behintzat elkarrekin hitz egitea.

3. Elkarrizketa horren gaia gizon bat ez den beste zerbait izatea (baldintza hau ez dagokio bikote erlazioari bakarrik: adibidez, aitari buruz diharduten bi ahizpek ere ez dute testa gainditzen).

Testaren aldaera batek eskatzen du, horiez gain, bi emakumeek izena izan behar dutela. Hiru arau horiek gizonezkoei aplikatuz gero, ia film guztiek betetzen dituzte; aitzitik, emakumezkoen kasuan, harrigarria zein gutxik gainditzen duten...

Benetan idazle interesgarria eta ezinbestekoa da Alison Bechdel eta bere liburu guztiak gure liburutegiko Genero Ikasketak eta LGTBI atalean aurki ditzakezue!

Euskadi, auzolana