- Itziar Okarizek ibilbide artistikoa aitortzeko saria jaso du; Beatriz Olabarrietak sorkuntza-lana aitortzeko saria; eta Kampai Espazioak arte plastiko eta ikusizko arloan agenteek egindako lana aitortzeko saria.
- Andoni Iturbe Kulturako sailburuordeak eman du gaur saria jaso duten pertsonen eta entitateen berri. Sari-banaketa urriaren 28an egingo da Tabakaleran, Donostian.
Andoni Iturbe Kulturako sailburuordeak gaur jakinarazi ditu zeintzuk diren 2026ko Gure Artea sariak irabazi dituzten pertsona eta entitateak. Euskadin arte plastikoen eta ikusizkoen arloan ematen diren saririk garrantzitsuenak dira. Epaimahaiaren erabakiz, hauek dira aurten saritutako pertsonak eta entitateak:
- Ibilbide artistikoa aitortzeko saria: Itziar Okariz (30.000 euro)
- Sorkuntza-lana aitortzeko saria: Beatriz Olabarrieta (25.000 euro)
- Arte plastiko eta ikusizko arloan agenteek egindako lana aitortzeko saria: Kampai Espazioa (25.000 euro)
Gaur goizean egindako prentsaurrekoan saritutako pertsona eta entitateek eta epaimahaikideek parte hartu dute. 2026ko Gure Artea sarien epaimahaia honako hauek osatu dute: Catalina Lozano Moreno komisario eta ikertzaileak —epaimahaiko presidentea izan da—, eta Ane Abalde Amezaga, Jon Mikel Euba Arrue, Josu Bilbao Ugalde eta Miriam Alzuri Milanes bokalek.
Pertsona eta entitate saridunek sariak jasoko dituzte urriaren 28an Tabakaleran (Donostia-San Sebastián) egingo den ekitaldian.
Andoni Iturbe Kultura sailburuordeak nabarmendu du aurtengo saridunak euskal arte-sistema "anitz, sendo eta bere garaiarekin konektatuaren" adibide direla. Era berean azpimarratu du “arte garaikidea funtsezko tresna” dela “gizarte gisa geure burua pentsatzeko eta munduari azaltzeko, eta Euskadik identitate ireki, anitz eta dinamikoa proiektatzen duela sorkuntzaren bidez”.
Halaber, Itziar Okarizen eta Beatriz Olabarrietaren nazioarteko ibilbideak eta Kampai Espazioak “tokiko ekosistema artistikoa indartzeko” egiten duen lana azpimarratu ditu Iturbek, eta erakunde publikoek sorkuntza, ikerketa eta kultura-eragileen lana babesten jarraitzeko konpromisoa berretsi du.
Ibilbide artistikoa aitortzeko saria: Itziar Okariz
Epaimahaiak Itziar Okariz (1965) donostiar sortzaileari eman dio ibilbide artistikoa aitortzeko Gure Artea saria.
Erabaki horren bidez, azken hamarkadetan euskal testuinguru artistikoko eragin handiko ibilbide sendoenetako bat aitortzen da. Performance, ekintza, bideo, instalazio eta testu-piezen bidez, Okarizek hogeita hamabost urte baino gehiago daramatza arkitektura, lurralde, gorputz, erritual, sexualitate eta hizkuntzaren arteko harremanak ardatz dituen ikerketa artistikoa lantzen.
Lengoaia propioa eraiki duen eta dimentsio performatibo eta kontzeptualak koherenteki integratzeko ahalmena duen lanaren kalitate artistikoa nabarmendu du epaimahaiak. Halaber, zorroztasuna, koherentzia eta esperimentatzeko borondate etengabea oinarri dituen ibilbidea azpimarratu du. Epaimahaiaren iritziz, elementu performatiboa esanahia sortzeko funtsezko tresna gisa txertatu zuen artista-belaunaldikoa da Okariz, eta hori performance garaikidearen esparruan nazioarteko erreferentzia bilakatu zen.
Aitortza horren arrazoietako bat da, halaber, bilatzeko eta berritzeko artistaren etengabeko jarrera. Dagoeneko finkatuta dauden formuletara moldatu beharrean, proiektu berriak garatzen eta bere praktikari ekiteko modu berriak esploratzen jarraitzen du, arriskuak hartzeko gaitasunari eutsita.
Epaimahaiak, halaber, bere lanak hainbat artista-belaunaldirengan izan duen eragin sakona nabarmendu du —batez ere performancearen, idazketaren eta eskulturaren arloetan—, baita prestakuntzarekin eta ezagutzaren transmisioarekin duen konpromisoa ere. Ildo horretan, Kalostra eta Jardun Artistikoen Institutua (JAI) ekimenetan eta Euskal Herriko Unibertsitateko, Elías Querejeta Zine Eskolako eta New Yorkeko Cooper Unioneko hainbat irakaskuntza-programatan parte hartu du.
Nazioarteari dagokionez, erakusketa-jarduera eta jarduera performatibo bizia izan du Europan, Amerikan eta Asian erreferente diren erakunde eta zentroetan. Veneziako 58. Bienalean ere parte hartu zuen.
Sorkuntza-lana aitortzeko saria: Beatriz Olabarrieta
Epaimahaiak Beatriz Olabarrieta (Bilbo, 1979) artistari eman dio sorkuntza-lana aitortzeko Gure Artea saria.
Epaimahaiaren balorazioaren arabera, Olabarrietaren jardun artistikoa esperimentazio-eremu gisa garatzen da; objektuek eta materialek, txertatzen diren egoeraren arabera, sentikortasun berezia hartzen dute. Bere lanaren ezaugarri nagusia hurbilketa intuitiboa eta erlazionala da: testuinguru bakoitzaren berezitasunei erantzuteko ahalmena duen ezagutza-tresna gisa jarduten du inprobisazioak.
Jatorrizko egoeratik hurbil dauden materialetan keinu txikiak eginez eta eraldaketa sotilak eginez esku hartzeko gaitasuna nabarmendu du epaimahaiak. Esku-hartze horien bidez, objektuek elementu material izateari uzten diote, eta harremanak aktibatzeko, pertzepzioak aldatzeko eta esperientzia-forma berriak sortzeko ahalmena duten mekanismo bihurtzen dira.
Bere instalazioetan errepikapena, hauskortasuna, higadura, zirkuituak edo prozesu automatikoak bezalako kontzeptuak agertzen dira behin eta berriz. Elementu horiek denbora-dimentsio bati ematen diote bide eta, horren bidez, une eta leku bakoitzean gertatzen denaren arabera egokitzen da erakusketa. Epaimahaiaren ustez, hain zuzen ere, irekitasun eta egokitzeko gaitasun horretan datza bere lanaren berezitasun nagusietako bat.
Euskadin eta Londresen bizi eta lan egiten duen artistak nazioarteko testuinguru artistikoekin harremanetan garatu du bere ibilbidearen zati handi bat. Epaimahaiaren arabera, esperientzia horrek aberastu egin du bere jarduna, eta zubiak eraikitzen lagundu du euskal testuinguruaren eta egungo panorama artistikoaren ikerketa- eta esperimentazio-ildo nabarmenetakoen artean.
Beatriz Olabarrieta Filosofian lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean, eta, ondoren, eskulturan trebatu zen Londresen. Nazioarteko hainbat gune eta erakundetan erakutsi du bere lana eta, horrela, arriskuak, ikerketak eta lan-metodoak etengabe berrasmatzeko gaitasunak markatutako ibilbidea sendotu du.
Arte plastiko eta ikusizko arloan agenteek egindako lana aitortzeko saria: Kampai Espazioa
Epaimahaiak Kampai Espazioari (Bilboko gune autogestionatua) eman dio arte plastiko eta ikusizko arloan agenteek egindako lana aitortzeko Gure Artea saria.
Proiektu honek sorkuntza garaikidearen alde egiten duen lana aitortu nahi izan du epaimahaiak, batez ere praktika eszeniko eta performatiboen eta ikusizko arteen eremuan. Abian jarri zenetik, Kampai Espazioak hainbat belaunalditako artista, kolektibo eta kultur eragileentzako topaketa-, ekoizpen- eta erakusketa-gunea bultzatu du.
Epaimahaiak praktika emergenteekin duen konpromisoa eta sortzaile berriei garapen- eta ikusgarritasun-aukerak eskaintzeko gaitasuna azpimarratu ditu. Era berean, erakusketa, bitartekaritza eta akonpainamendu artistikoa uztartzen dituen programaren koherentzia nabarmendu du, arte garaikidea gero eta publiko askotarikoagoengana hurbiltzen laguntzen baitu.
Epaimahaiaren arabera, Kampai Espazioak gaitasun handia erakutsi du testuingurua sortzeko, eragileen arteko lankidetza bultzatzeko eta euskal gazteen arte-sarea indartzeko. Etengabeko lan horri esker, espazioa erreferentea da Euskadiko ekosistema artistiko garaikidearen arloan.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)