Eibarko Juan San Martin udal liburutegia

Umeen liburutegiko bloga

"Aitaren etxea", Karmele Jaio

Liburutegia:
Errenteriako Udal Liburutegiak
Gaiak:
Eleberria
Gomendatuta:

Beharbada, Karmele Jaio gasteiztarra da une honetan emakumeen egoerarekin konprometituta dagoen momentuko euskal idazle garrantzitsuenetako bat. Nobela honetan, Aitaren etxea, hain justu horri buruz hitz egiten digu protagonista desberdinen bidez: gizonak, emakumeak, genero-rolak, maskulinitateak, patriarkatua...

Ismael. Arrakastak blokeatutako idazlea, bere burua gizon gisa kokatzeko gai ez dena, erabat galduta sentitzen da bere maskulinitatea definitzerako orduan. Paradoxa etengabean, erruduntasunean mugitzen da: aitak espero zuen matxoa ez izateagatik, ama matxismo horretatik babesten ez jakiteagatik, senar ez hain matxista ez izateagatik, eta bere alaba emakumeenganako indarkeria erabiltzen duen matxismo horren biktima izan daitekeela pentsatzeagatik.

Jasone. Orain arte etsita egon den Ismaelan emaztea. Ama eta emaztea izateagatik atzean utzi zituen ametsak berreskuratzen saiatzen ari da. Orain arte gizarteak beregatik espero zuena bete duela sentitzen du: ezkontzea, seme-alabak izatea... baina benetan ez du horren argi ikusten inoiz hori dena desiratu izana, ez da beteta sentitzen. Eta ezkutuan idazten du, etxeko gizonari, Ismaeli, protagonismoa ez kentzeko.

Libe. Ismaelen arreba. Lesbiana, feminista; atzerrira ihes egin zuen, bera ulertzeko gai ez zen familiatik. Feminista bada ere, lesbianismoan gizonen papera hartzen du, bikotearekin edo sexu-harremanetan jarrera matxistak edukiz. Bere anaia bezala, amaren ondoan egon ez izanak errudun sentiarezten du.

Eta atzekaldean, eleberriaren ildo nagusi bezala, Ismaelen aita eta ama.

Aita. Trantsizio politiko bati aurre egiteko gai izan zen (70 eta 80. hamarkadak, grebak...), baina ezin izan zion utzi aita zorrotz eta etxeko jaun eta jabe izatearen rolari. Frankismorik bortitzenak adoktrinatutako paper horretan sartuta, bere ehiza-txakurrari semeari baino maitasun handiagoa erakusten dio, ez baitu hau nahikoa gizontzat jotzen. Aita, patriarkatuaren adierazlerik gorenena da, ez kolpeena edo hilketena, etxeetan gordetzen den horrena baizik: egiturazko matxismo sotil eta ezkutuarena, ikusten zaila dena eta ubeldurarik uzten ez duen indarkeria subliminalarena, gure heziketan hain errotua, non zerbait natural eta logikotzat hartzen baitugu.

Eta azkenik (beti bezala!), ama. Ama eta emazte sakrifikatua; etxea eta seme-alabak zaintzen dituena, eta, jakina, bera gabe munduan defendatzeko gauza ez litzatekeen senarraren zaintzailea baita ere. Patriarkatuak ezarritako menpekotasun-rola bereganatzen du, edozein ilusio zapuztuz, ametsak izateko eskubiderik ez duela sinestaraziz, eta uneren batean, akats baten ondorioz, ametsak izaten baditu, hor dago gizona, hauek lapurtzeko eskubidea duena, emakumea bere buruagatik babesteko aitzakian.

Azken batean, trama ondo lotuta duen nobela bat da. Ondo marraztutako pertsonaiekin, inposatu dizkiguten genero-rolak ulertzeko eta hauen kontra borrokatzeko modu ezberdinak eskaintzen dizkiguna. Maskulinitate batzuen sakonean kolpatzen duen eleberria.