Azpeitia

Azpeitiko Udal Liburutegia

Erosketa publiko berdea trantsizio ekologikorako eta lehiakortasunerako palanka estrategiko gisa sendotu du Euskadik

Argitalpen-data: 

20261021_Plan_compra_verde_1.jpg
  • Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Erosketa eta Kontratazio Berdearen Programaren emaitzak aurkeztu ditu, eta 2030erako benetako inpaktua indartzera bideratutako etapa berriari ekin dio

Erosketa eta kontratazio berdea trantsizio ekologikoa bizkortzeko, berrikuntza bultzatzeko eta merkatuak eredu jasangarriagoetarantz bideratzeko tresna estrategiko gisa sendotu da Euskadin. Hori izan da “Erosketa eta kontratazio berdea Euskadin. Emaitzak dituen apustua. 2026-2030 Ekintza Planaren aurkezpena” jardunaldiko ondorioetako bat. Aurkezpena Ihobek antolatu du, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak.

2021-2025eko aldian izandako aurrerapenen balantzea egin eta 2030era arte Euskadiko Erosketa eta Kontratazio Berdearen Programaren etapa berria gidatuko duten jarduteko ildoak aurkeztu dira jardunaldian. Ebaluazioak erakusten duenez, erosketa publiko berdea Euskadiko politika publikoen egiturazko tresna gisa finkatu da, arau-esparrua indartu delako eta kontratazio-prozeduretan ingurumen-irizpideak txertatzen joan direlako.

Jardunaldiaren irekitze instituzionalean, Iñaki Alonso Ogasuneko sailburuordeak nabarmendu du erosketa publiko berdea funtsezko tresna dela euskal ekonomia eraldatzeko eta trantsizio klimatikoaren helburuei egiten dien ekarpena maximizatzeko. Horrez gain, administrazio publikoen trakzio-papera azpimarratu du; izan ere, administrazio horiek erosteko duten ahalmenari esker, ingurumen-helburuak merkatuen bilakaeran eta enpresa-irtenbide berrien garapenean eragiten duten erabaki zehatzetara eraman daitezke.

Alonsok defendatu du kontratazio publikoa gero eta ikuspegi integralagotik ulertu behar dela, eta, ingurumen-irizpideez gain, helburu sozialak, berdintasunekoak, berrikuntzakoak eta Euskadik dituen trantsizio desberdinei laguntzekoak barne hartu behar dituela. Ildo horretan, gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak erosketa publiko berritzailean ere aurrera egiteko apustua egin duela, garapen teknologikoa eta sektore estrategikoen lehiakortasuna bultzatzeko tresna izan dadin.

Halaber, sailburuordeak balioa eman dio Euskadin erosketa publiko berdearen arloan bi hamarkada baino gehiagoz egindako lanari, bai eta erakundeen, teknikarien eta enpresa hornitzaileen arteko lankidetzari ere, etorkizunera begiratzen duen eta ingurumen-jasangarritasuna eta lehiakortasun ekonomikoa uztartzen dituen politika sendotzeko.

Lortutako aurrerapenak ziurtatzen dituzten datuak

Bestalde, Almudena Otaola Eusko Jaurlaritzako Ondare eta Kontratazioko zuzendariak Euskadiko Erosketa eta Kontratazio Berdearen Programak lortutako emaitzak aurkeztu ditu, eta politika publikoen benetako inpaktua neurtzean oinarritutako fase berri baterantz aurrera egiteko beharra defendatu du.

“Urteak daramatzagu arrakasta ebaluatzen, baldintza-agirietan sartzen dugun ingurumen-klausula kopuruaren arabera. Eta heldu da galdera zorrotzena egiteko garaia: zer ingurumen-inpaktu erreal lortzen dugu horien bidez?”, adierazi du.

Datuek lortutako aurrerapenak ziurtatzen dituzte. Euskadik % 57 lizitazio berde lortu ditu lehentasunezko kategorietan, aurreikusitako helburua (% 55) gaindituta. Kontratatutako bolumen ekonomikoaren % 55ek ingurumen-jasangarritasuneko irizpideak ditu.

Halaber, Otaolak nabarmendu du kontratazio publikoaren barruan garrantzitsua dela ekonomia zirkularraren printzipioetan sakontzea. Haren ustez, jasangarritasunak beharrezko egiten du erosketa jakin batzuen beharra ere birpentsatzea, eta partekatutako zerbitzu edo ereduetan oinarritutako alternatibak kontuan hartzea, ingurumen-onura handiagoa sortzeko ahalmena badute.

Zuzendariak adierazi du, baita ere, Europako araudien etorkizuneko bilakaera erosketa publiko berdearen inpaktua indartzeko aukera dela, betiere administrazioentzako gaitasun tekniko nahikoak baditu. Testuinguru horretan, balioan jarri ditu Eusko Jaurlaritzaren Kontratazio Publikoaren Aholku Batzordearen 1/2026 Gomendioa bezalako tresnak. Gomendio horrek prezioaz bestelako adjudikazio-irizpideak sartzea eta berotegi-efektuko gasen emisioak murriztea bezalako alderdiak aintzat hartzea bultzatzen du.

Ihobek antolatutako jardunaldiak balio izan du Euskadik ingurumen-, ekonomia- eta gizarte-balioa sortzeko ahalmena duen kontratazio publikoarekin duen konpromisoa berresteko, eta ibilbide-orri bat aurkezteko, erosketa berdea hurrengo hamarkadan euskal ekonomia eraldatzeko tresna nagusietako bat izan dadin.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)

 
Jarraitu gaitzazu

Sare sozialetan