Eusko Jaurlaritzako Liburutegi Zerbitzutik posta elektronikoz bidalitako jakinarazpen mezuak

Argitalpen-data: 

2022ko maiatzean, SMS eta e-mail bidezko jakinarazpen zerbitzu berri bat jarri zen abian, liburuen erreserbei, eskaerei eta erreklamazioei buruzko abisuak igortzeko erabiltzaileei.

Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegien erabiltzaileei Eusko Jaurlaritzako Liburutegi Zerbitzuaren e-mailaz (liburutegi-zerbitzua@euskadi.eus) bidaltzen zaizkien mezuak arazo bihurtzen dira sarritan Liburutegi Zerbitzuarentzat berarentzat; izan ere, bide horretatik jasotzen du zuzenean erabiltzaileen erantzun mordoa, mezuei erantzuten dietelako, nork bere liburutegiarekin harremanetan jarri ordez. Mezu horiek irakur ditzaten soilik jasotzen badituzte ere erabiltzaileek, nahi baino maizago baliatzen dituzte erantzunak emateko, beren liburutegiari iritsiko zaizkiolakoan: kontua da Liburutegi Zerbitzura heldu, eta dagokien liburutegiei berriz bidali behar zaizkiela –edo erabiltzaileei beraiei, eta liburutegira jotzeko ohartarazi–.

Egoera horrek, jakina, nahi ez bezalako eragina du Eusko Jaurlaritzako Liburutegi Zerbitzuaren jardunean: e-postontzi generikoan mezu gehiegi sartzen dira, eta horregatik eskatzen dizuegu zuen erabiltzaileei jakinarazteko ez diezaietela zuzenean erantzun mezu elektronikoei, baizik eta zuekin jar daitezela harremanetan.  

Eskerrik asko!

Euskadi, auzolana