Gure liburutegia
40 urtetik gora ditu Elgetako Liburutegiak. 1975. urtean jaio zen, herritik herriarentzat, bolondres taldetxo baten lanari esker. 1987. urtean kultur-etxearen irekitzearekin hartu zuen egun duen kokalekua. Orduz geroztik garaiak asko aldatu dira.
Liburutegiko helburuak eta zerbitzuak bere kontzeptua eta funtzioei estuki lotuta eraldatuz joan dira denboran zehar, zerbitzatu beharreko errealitatera egokituz. Azken urteetan, teknologia berriek ahalbidetu duten informazioaren gizarteak ezarritako erronketara moldatu behar izan dira liburutegiak.
Beraz, gaur egunean dokumentuen kontserbazioren ideitatik askoz haratago, erabiltzaileen beharretara egokituz, liburutegi errealitate berri bat eraikiz doa, zerbitzu karta zabalduz doan hein berean.
Elgetako liburutegian ere azken urteetan aldaketa nabarmenak bultzatu ditugu oinarritzat “Zugandik hurbil” leloak adierazten duen guztia barneratuta. Horren isla inoiz baino nabarmenagoa da liburutegiren egunerokoan: herritik, herrikoa, herritarrentzat eta herritarrekin.
Gure liburutegia gune bizia, irekia, eraikitzailea eta interaktiboa da. Horrela izateko beharrezko tresnak eta bideak gauzatzen saiatzen gara, herriko talde naiz herritarrekin konplizitatea bilatuz, liburutegia herrira ateraz eta herritarrak liburutegira erakarriz.
Liburutegiarentzat eraldaketa esanguratsua izan zen barne berrantolaketa. Alde batetik, irisgarritasuna erraztu eta eremuari zabaltasuna eta erakargarritasuna gehitzea ziren helburu. Eta bestetik, eremuak bereizi, eta batez ere, haurren eremuari xarma berezi bat gehitzea. Ildo honetan lanean, zerbitzua osatu asmoz, auzolanean liburutegiaren ondoko gela txikietako bat atondu zen Bibliotxiki gunea, batik-bat 0-4 urte tarteko txikitxoentzako gunea, sortzeko.
Bultzatutako aldaketen fruitu gure liburutegia gaur gaurkoa da; teknologia berriek eskaintzen dituzten baliabideak aprobetxatuz liburutegia informazioaren gizartera egokitu da. Bide horretan, komunikazio kanal berriak gureganatu ditugu (WhatsApp eta Telegram esaterako), sarean gure presentzia hedatu dugu webaren nahiz sare sozialen (twitter, facebook, instagram, pinterest) bidez eta zerbitzu digitalak ere badoaz bere lekua hartuz (eLiburutegia eta Liburubila, adibidez). Gainera, mundu anitz honek eskaintzen dituen baliabideak gureganatu eta erabiltzaileen zerbitzura jartzeko bideak ez du etenik. Beti gaude ikasteko prest!